2009ko Abuztuak 28URDAIBAIKO BIOSFERA ERRESERBAREN GAINEKO ERAKUSKETA IBILTARIA DONOSTIATIK BALMASEDARA BIDEAN
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren 25. urteurrena dela-eta, herriz herri ibiliko den erakusketa antolatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.
Urdaibai Bizigai – Urdaibai Fuente de Vida izeneko erakusketa Donostia utzi eta ikusgai izango da astelehenetik aurrera Balmasedado Kultur Etxean, irailaren 13 arte.
Pilar Unzalu buru duen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzaturiko ekimenak Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutaraztea du helburu. 25 urte bete dira aurten Urdaibaiko eskualdearen garapen iraunkorrerako bidean pauso garrantzitsua eman zela, UNESCOk Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuenean, alegia: eskualdeko garapen soziala eta ekonomikoa bermatzeaz gain, bertako ekologia, paisaia eta kultura aberatsa zaintzeko eskualde mailako ekimena. Mende laurdena geroago, urteurrenaren ospakizunak gure herriak gordetzen duen ingurumen ondare honen balioa goratu nahi du.
Urdaibai Bizigai - Urdaibai, Fuente de Vida erakusketa hiru atalek osatzen dute: Urdaibairen sorrera; Garapen iraunkorra eta kontserbazioa, eta Ikerketa eta ingurumen hezkuntza. Erakusketa, gainera, argi-itzal erakargarriz, ikus-entzunezkoez eta itsasoko giro-soinu lasaigarriz atondurik dago. Horrez gain, osagarri berezi gisa, Urdaibaiko paduretako espezie kuttuna den Mokozabalaren (Platalea Leucorodia) lorratzei jarraituz egokitu da erakusketaren ibilbidea, bisitariak gidatze aldera.
Erakusketa honekin Urdaibaiko eskualdearen balio natural, sozio-ekonomiko eta kulturala goratu eta herritar guztiei erakutsi nahi zaie.
Erakusketa ibiltaria Gernikan, Busturian (Madariaga Dorretxean), Bilbaon, Gasteizen, Ordizian, Amurrion, Irunen, Ondarroan, Zumaian eta Donostian egon da Balmasedara etorri aurretik, eta Euskal Herrian zehar jarraituko du abendura bitarte. Besteak beste, hamabostero herriz aldatuz , Mungia, Amorebieta, Loiuko aireportua, Portugalete eta Ermua bisitatuko ditu erakusketak, hasi zen lekuan, Gernikan, amaitzeko.
